XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aplikazioari buruzkoak.

Lehenik zera esan behar da, joan den urteko martxoan Baionan ere kokatu zela Atlasaren aplikazio informatikoa.

Datu-sarrera ordenadorean egiten denez, sarritan gertatu izan dira era bateko edo besteko okerrak: manipulazio okerrak eragindakoak, ordenadoreak backup egitean informazioa galdu denekoak, etab.

Era honetako okerrak zuzentzeko lehenik atlasaren Bilboko zuzendaria saiatu da konpontzen, eta ezinezkoa gertatu zaionean EJIEko teknikoengana jo da.

EHHA proiektuaren eguneratzea

1993. urtean zehar ezer gutxi aurreratu da langintza honetan.

Proiektuaren zuzendariak, datu-elaboraketaren diseinua dela eta EJIErekin lanean zebiltzalarik, urtearen hasieratik bertatik geldirik egon da plana proiektuaren aplikazioa eta kartografia-arloa gehiago zehaztu zain.

Bien bitartean, Euskaltzaindiak beste aukera batzuk arakatu ditu, Iruñeko eta Bartzelonako kartografia-etxe bi, besteren artean.

Atlasaren zuzendariek Baionako Institute Universitaire de Technologie delakoarekin ere izan dute harremanik, elkar-laneko bide posibleak aztertzeko.

Egindako bilerak

Gai desberdinetarako bildu dira EHHAko batzordekideak

Proiektuaren jarraipena egiteko eta sortzen diren arazoak konpontzeko egin dira bilera hauek.

Batetik, proiektuaren zuzendaritza bildu da 9 aldiz, datu-sarrera planifikatzeko eta jarraipena egiteko, eta hurrengo pausuez aritzeko.

Datu-sartzaileekin lau bilera egin dira, azaldu diren arazoez eta lan-erritmoaz aritzeko.

Euskaltzaindiaren Zuzendaritzarekin bi bilera egin dute proiektuaren zuzendariek, eta bilera bana Gasteizko EJIE, Iruñeko Tracasa eta Baionako I.U.T. elkarteekin.

Beste zeregin batzuk

- Nazioarteko Dialektologia Biltzarra. Agiriak (Iker 7) liburuaren aurkezpen bi egin dira: Bilbon apirilaren 2an (egoitzan) eta Baionan (unibertsitatean) maiatzaren 4an.

- ALE (Atlas Linguarum Europae).

Jakina denez Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain euskararen ordezkari dira Euskal Batzordea osotuz.

Urtean zehar bi bilera egin ditu: Budapest-en apirilean eta Grenoblen urrian.

Bestalde, ondoko txosten hauek burutu dira ALErako: Xarles Videgain: Papillon/mariposa eta Devinette/acertijo; 30 galderako galdesorta jaso da EHHAk bildu dituenetarik igortzeko (oraindik bukatu gabe); Jacques Allihres, euskaltzain ohorezkoak idatzitako Le basque et l'Atlas Linguarum Europae lanaren egokitzapena egin du X. Videgainek ALEko buruek hala eskaturik.